Prostatako minbizi
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Prostata gizonezkoetan pelbisean kokatzen den guruin tubuloalbeolar exokrinoa da, gaztaina itxurakoa. Horrek hiru lobulu ditu: ezkerrekoa, eskuinekoa eta erdikoa. Prostatako minbizia,[1] zehazki, azken lobulu horretan pairatzea ohikoena da. Beraz, esan bezala, gizonezkoen prostata izeneko guruinean garatzen den tumore mota da, anatomia patologikoaren arabera adenokartzinoma dena. Prostata hainbat zelula motek osatzen dute, baina minbizi-kasuen % 99an tumorea guruin-zeluletatik eratorria da.
50 urtetik gorako pertsonengan agertu ohi da eta, gaur egun, herrialde garatuetan gizonezkoengan ikusten diren minbizi mota ohikoenen artean dugu; EAEn, adibidez, sarrien antzemandako hirugarrena da. Espainia mailan, 2018. urtean 31728 kasu berri eman ziren eta 6061 hildako eragin zituen[2].
Gaixotasun hau lehenengo aldiz 1853an deskribatu zuten, eta prostatako lehendabiziko ebakuntza 1904an egin zuten AEBetan.
Eragileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Minbizi mota honen eragileak zehazki zeintzuk diren oraindik argi ez dagoen arren, gaixotasuna garatzeko aukerak areagotzen dituzten hainbat arrisku-faktore identifikatu dira:[3]
- Adina. Lehen esan bezala, 50 urtetik gorako gizonezkoetan garatzen da normalean eta diagnostikoaren momentuan batez besteko adina 70 urtekoa izaten da.
- Genetika. Senideren batek (aita, anaia, osaba) minbizia pairatu badu, hau garatzeko probabilitatea 2-3 aldiz handiagotzen da. Minbizi mota hau baita ere erlazionatu da BRCA1 eta BRCA2 geneen mutazioekin (horiek obulutegiko eta bularreko minbiziarekin ere lotuta daude).
- Elikadura. Animalietatik eratorritako gantz ugariko dieta hartzea (bereziki okel gorriarena) beste arrisku-faktore bat da. Izan ere, ikusi da dieta begetarianoa daramaten pertsonetan minbizi mota honen prebalentzia baxuagoa dela.
- Bizimodua: obesitatea eta alkoholismoa arrisku-faktore garrantzitsuak dira.
- Substantzia kimiko espezifikoekiko esposizioa; hala nola, kadmioarekiko edo agente laranjarekiko.
- Arraza. Gizonezko beltzetan edota arbaso afrikarrak dituztenetan minbizi mota honen prebalentzia altuagoa ikusi da. Aldiz, jatorri latindarra eta ekialdetarra daukaten gizon zurietan intzidentzia baxuagoa da. Desberdintasun etniko honen arrazoia ez dago argi.
Adinak aurrera joan ahala, prostataren tamaina handitzen doa. Hau prozesu fisiologiko bat da, Hiperplasia Prostatiko Onbera izenez ezagutua, eta ez da prostatako minbizia garatzeko arrisku-faktore bat, baina odol-analisietan antigeno prostatiko espezifikoaren mailak igoarazi ditzake[4].
Zeinu eta sintomak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako fasean askotan sintomarik ematen ez badu ere, ondoko asaldura lokalak ager daitezke:
- Gernu-egite sarria, batik bat gauez (nikturia).
- Gernu-egite arazoak: hau kanporatzeko atzerapena, gernuaren jario motel eta aldizkakoa, inkontinentzia.
- Hematuria eta hemospermia, disuria.
- Funtzio sexualaren asaldurak, ugaltze-aparatuarekin lotuta baitago.
Minbizi aurreratua gorputzeko beste atal batzuetara zabal daiteke eta bertan lotutako sintomak eragitea, ohikoena hezurretako min lokala da, normalean pelbisean eta eskualde lunbarrean gertatzen dena[4]. Bizkarrezur-muina estutuz gero, beheko gorputz-adarren eta pelbiseko erraien inerbazioan asaldurak ager daitezke. Beste sintoma posible batzuk: edemak, anemia, giltzurrun-gutxiegitasuna (minbizi oso aurreratuan)[5].
Diagnostikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arestian aipatutako sintomez gain, eta bereziki hauek agertzen ez direnean, miaketa fisikoak oso paper garrantzitsua dauka prostatako minbiziaren diagnosian. Bestalde, proba genetikoak egitea oso erabilgarria izan daiteke gaixotasuna aurrekariengandik heredatu daitekeelako. Gainera, diagnostiko zehatzago bat izateko proba gehiago egin daitezke; hala nola, ondeste-haztapena, markatzaile tumoralen neurketa, ekografiak edota erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza. Honen ostean, gaixotasunari buruzko susmo txarrak handiak izanez gero biopsia egitea proba diagnostiko nagusia izango da. Azkenik, OTA (TAC), hezurretako gammagrafia eta IRM teknikarik ohikoenak dira metastasiak diagnostikatzeko.
Diagnostiko goiztiarra[6]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondeste-ukipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Proba zaharra bezain erabilgarria da, prostataren tamaina eta lesio susmagarriak antzemateko oso lagungarria. Izan ere, prostata guruina zehazki ondestearen aurrealdean kokatzen denez, proba honen bidez prostatan minbizia dagoelaren seinale diren noduluak, eremu gogorrak edo irregulartasunak dauden ikus daiteke. Teknika erraza da: medikuak hatz erakuslea uzkitik sartzea eta prostata ukitzea besterik ez baita; baina, gaixoarentzat sarritan deserosoa eta batzuetan mingarria da.
Nahiz eta odoleko PSA proba bezain eraginkorra ez izan, guztiz beharrezkoa da hasierako aldian miaketa fisikoaren parte bezala.
PSA neurketa odolean[7]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prostatako antigeno espezifikoa (PSA) prostatan ekoiztutako substantzia proteikoa da eta honen funtzioa semen-koaguluaren disoluzioa egitea da. Proteina honen ekoizpena androgenoen agerpenaren eta prostataren tamainaren menpekoa da. PSA kantitate oso txikia semenetik odol-zirkulaziora igarotzen da eta hori da, zehazki, neurtzen dena diagnostikorako, pronostikorako eta prostatako minbiziaren jarraipenerako. Izan ere, gizonezko osasuntsuetan PSA mailak odolean oso baxuak dira (4 ng/mL ingurukoak) eta prostata-gaixotasunetan igo egiten dira.
Odoleko PSA mailak probarik sentikorrena da prostatako minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko. Honen arrazoia da kasuen % 65ean gutxi gorabehera markatzaile tumoral horren mailak igotzen direla.[8]
Proba horiek urtero gauzatuz (50 urte baina gehiagoko gizonei) eta noizbait ezohiko emaitza lortuz, minbizia laster diagnostikatzeko aukera izango genuke. Hala ere, sintomek edo detekzio goiztiarreko frogen emaitzek prostatako minbizia izateko aukera azaltzen badute, benetan gaixotasuna agertzen den jakiteko bestelako probak egitea beharrezkoa da:
- Prostatako minbiziko antigenoa-2 (APCP-2)
Baltimoreko Johns Hopkins Unibertsitateko aurkikuntzarik berriena da. Proteina hau prostatako minbizia egiaztatutako kasuen % 90ean aurkitzen da (eta % 98 kasuetan, zeintzuetan minbizia prostatatik haratago hedatu zen). Aurretik azaldutako prostatako antigeno espezifikoarekin alderatuz, proba honek antzeko “faltsu negatibo” kasuak azaltzen ditu. Hala ere, “faltsu positibo” gutxi aurkezten ditu, % 97an asmatzen da-eta paziente batek prostatako minbizia ez duela.
Ondeste-ukipena positiboa edo PSA igoera agertzean egin beharreko probak dira, eta elkarrekin egin behar dira. Izan ere, ekografiaren bidez biopsia non eta nola egin behar den jakin ahal izango da.
Prostatako minbiziak eta prostatako ehun normalak soinu-uhin desberdinak islatzen ohi dituzte. Tumoreak ekografikoki detektatzerakoan irudi hipoekoikoen antzera agertzen dira, normalean prostataren periferian kokatuak. Hala ere, prostatako minbizi gehienak isoekoikoak dira eta ez dira ehun osasuntsutik bereizten. Horregatik, ekografia izango da biopsian erabiliko den orratza gidatuko duena eta prostatako eremu desberdinetan hainbat lagin hartzea ahalbidetuko duena.
Gaur egun, prozesua betetzeko anestesia eta aldez aurretiko prestakuntza (antibiotikoak eta enemak) beharrezkoak dira.
Biopsia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orratzarekin eginiko biopsia teknika erabiliena da prostatako minbizia diagnostikatzerako orduan. Ekografia transerrektala erabiltzen da orratza ondestean zehar gidatzeko eta prostatako leku espezifikoetan sartzeko. Ondestearen pareta zeharkatuz, zilindro itxura duen ehun lagin bat ateratzen da prostatatik (1 zm luze eta 2 mm zabal) eta analizatu egiten da laborategian mikroskopio bidez. Biopsiaren albo-ondorioak hematuria eta gernu-infekzioak izan daitezkeen arren, kasu ia guztietan diagnostiko zehatza eman ahal izaten du.
Noduluen biopsia, leku susmagarrietan eta zoriz aukeratutako lekuetan egiten da, prostatako arazoak dituzten pazienteen erdiari bakarrik minbizia detektatzen dielarik. Biopsiak minbizia multifokala den edo ez jakitzeko ere balio du.
Beraz, prostatako biopsia diagnostikoa egiaztatzeko ezinbestekoa da eta aurrez aipatutako probetan arazoak edo arazoen susmoak antzematean egiten da. Adibidez, ondeste-ukipenean noduluren bat aurkitzean, PSA igoera, irudi alterazio bat edo gernu-bideetako sintomak agertzean.
Pronostikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eragile pronostiko garrantzitsuak dira: gizonaren adina, osasun egoera orokorra, metastasien presentzia edo gabezia, tumorearen ezaugarri mikroskopikoak (Gleasonen eskalaren arabera 10 estadio edo maila daude larritasunari dagokionez) eta hasierako tratamenduarekiko erantzuna.
Tumore ohikoa da eta beraz hilkortasun-tasa orokorra altua da, baina fase aurreratuetan egon ezean biziraupen-tasa nahikoa garaia izan daiteke. Bestela, bizi-kalitatea oro har ona izaten dira tratatutako pazienteengan, beste tumore gaiztoago batzuekin konparatuz gero, baina gernu-inkontinentzia eta disfuntzio sexualak ez dira arraroak izaten.
Gleason-en eskala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laginean minbizi zelulak aurkitzen badira, minbiziari gradu bat ezartzen zaio. Horretarako Gleasonen eskala erabiltzen da, 1etik 5era neurtzen du jatorri desberdineko 2 zelula esanguratsuenen desberdintzapena, eta hauek batuz 2-10 bitarteko puntuazioa lortuz:
- 2-4 bitarteko puntuazioa: ondo bereizitako tumorea.
- 5-6 bitarteko puntuazioa: erdizka bereizitako tumorea.
- 7-10 bitarteko puntuazioa: gutxi bereizitako edo bereizten ez den tumorea.
Gero eta puntuazio altuagoa izan diferentziazio txikiagoa izango da, horrenbestez egoera larriagoa eta pronostiko txarragoa.
Estadifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estadifikazioa deritzon prozesu honetan, minbiziari buruzko informazioa lortzen da proba diagnostiko desberdinak erabiliz minbiziaren egoera ikusteko. Tratamentu egokiena aukeratzeko eta pazientearen pronostikoa egiteko orduan, minbiziaren etapa faktore garrantzitsuena da. Minbizia duela baieztatzen bada, proba diagnostiko gehiago egin behar dira minbiziaren zabalera eta larritasuna ikusteko.
Ondeste-ukipenak, PSA eta Gleasonen puntuazioak minbiziaren hedapenaren inguruko informazio egokia jasotzea ahalbideratzen dute. Hala, ondeste-ukipenaren bidez jakin daiteke minbizia prostatako alde bakar batean edo bietan kokatzen den eta gorputzeko beste egituretara hedatzeko probabilitatea badagoen. Esaterako, ondeste-ukipen normala, PSA baxua eta Gleasonen puntuazioa baxua duten gizonek gehienetan ez dute beste probarik egin beharrik, minbizia prostatatik at zabaldu izanaren probabilitatea oso baxua delako.
Esplorazio fisikoa ere garrantzitsua da estadifikazioan. Batzuetan ondeste-ukipenarekin bakarrik minbizia prostataren lobuluaren alde bakarrean edo bietan dagoen esan daiteke, baita glandula prostatikotik kanpo zabaltzeko probabilitatea duen edo ez. Inguruko gongoil linfatikoak palpatzen dira adenopatia metastasikoak bilatzeko asmoz.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kirurgia (prostatektomia osoa edo partziala) tratamendu nagusia da, batzuetan inguruko gongoil linfatikoak ere kentzea eskatzen duena, tumorearen agresibitatearen arabera. Erradioterapia ere oso erabilgarria izan daiteke, eta beste aukera batzuen artean hormona-terapia, kimioterapia eta kriokirurgia ditugu.
Tratamenduak, oro har, minbiziaren eragilea den tumorea organismoko leku konkretu batetik kentzeko erabiltzen dira. Hauen artean kirurgia eta erradioterapia ditugu. Hasierako fasean dagoen prostatako minbizia duten gizonezkoen artean tokiko tratamenduek (tratamendu lokalak) eraginkortasun handia erakutsi dute minbizia guztiz desagertzerako orduan. Izan ere, gorputzeko beste ataletatik hedatu den prostatako minbizirako, metastasi bidez, bestelako tratamendu batzuk erabiltzen dira gaur egungo onkologian: tratamendu sistemikoak.[9]
- Erabateko prostatektomia: prostata eta semen-besikulak kentzen dira, baita pelbis-inguruko gongoil linfatikoak ere. Alde batetik, ebakuntza honek pazientearen sexualitatean eragina du eta, konpontzeko, nerbio-salbatze kirurgia egiten da erekzioak eta orgasmoak berreskura ditzan. Beste aldetik, prostatektomiak gernu-inkontinentzia edo mikzio-inkontinentzia sor dezake.
- Prostatektomia laparospiko edo robotikoa: erabatekoa baino leunagoa da, sexualitate- zein mikzio-arazoak sortzen baditu ere neurri txikiagotan. Honetan, prostata zein semen-besikulen erauzketa egiten da kamaradun laparoskopio bat erabiltzen delarik.
Kirurgia baino lehen, medikuak pazientari zein kirurgia-motara men egitea erabakitzeko hainbat faktore hartu egiten ditu kontuan. Izan ere, ar gazteek oro har erabateko prostatektomia egitea erabakitzen dute beren bizitza sexualean eragin txikiagoa sortzen duelako.
Minbizi-zelulak erradiazio-izpiekin tratatzen dira eta, ondorioz, tumore edo tumoreak eliminatzeko aukera gehiago daude, zelula hauen metabolismoa zein mitosia inhibitzen saiatuz. Terapia hauen artean, honakoak sailkatzen ditugu nabarmenki:
- Kanpoko erradioterapia: X izpien erradiazio-iturria makina batek ematen ditu, tumorea kokatzen den tokiaren kanpokaldean bideratzen baitira. Oro har, dosi-handiko tratamendua jasotzen da epe laburrean, efektu hobeagoak islatu baititu.
Epe laburrean burutzen den erradioterapia erradioterapia hipofrakzionatua edo maiztasun-altukoa deitzen da. Amerikako Onkologia Klinikoaren Erakundeak (AOKE) tratamendu mota hau honako pazienteei ematea:
o Prostatako minbizia izateko arrisku baxua duten gizonei, jarraipen onkologiko bat baino tratamendua hobesten dutelako.
o Prostatako minbizia izateko arrisku ertaina duten gizonei. Hauek, kanpoko erradioterapia jasoz, ezin izango dute pelbiseko gongoil linfatikoak kendu, minbiziaren ondorioz kaltetuak ikusten badira ere.
Dosi handitan emandako tratamendua oso bortitza da eta erradioterapia batek sor ditzaken albo-efektua eragin ditzakelako. Izan ere, efektiboa dela ikusi da.
- Brakiterapia. Barruko erradioterapia ere deituta, prostatan bertan erradiazio iturriak ezartzen dira. Iturria hauek, haziak ere deitzen direnak, erradiazioz prostata hornitzen dute, tumorea kokaten den lekuan, zehazki. Hazi hauek epe laburrean (dosi handiak) edo epe luzean (dosi txikiak) eman daitezke. Dosi-txikiko haziak prostatan lagatzen dira luzaroan, urte bateko epean normalean. Hala ere, dosi altukoak 30 minutuz prostatan uzten dira, behin baino gehiagotan emanez.
Brakiterapia beste tratamendu batzuekin konbinatzea gomendatzen dute onkologoek. Izan ere, AOKEk honako brakiterapia ereduak gomendatzen ditu:
o Dosi-txikiko brakiterapia prostatako minbizia izateko arrisku-baxua duten gizonezkoetan erabiltzea.
o Dosi-altuko brakiterapia prostatako minbizia izateko arrisku ertain zein handia duten gizonezkoetan erabiltzea, behin baino gehiagotan kanpoko erradioterapiarekin konbinatuz. Hau da, erradioterapia ez ezik brakiterapia ere erabiltzea tratamenduaren eraginkortasuna handitzeko.
- Modulatutako-intentsitateko erradioterapia edo erradiazio terapia (MIET). Kanpoko erradiorerapia mota bat da. Honen berezitasuna da, aurretik, prostatako 3D irudi bat sortzen dela ordenagailu bidez prostataren tamaina ezagutzeko. Prostatako minbiziaren tamaina eta forma ezagutu ondoren, pazienteari emango zaion erradiazio-kopurua erabakiko du onkologoak. Tratamendu hau minbiziaren larritasunarekin erlazionatzen da, tumorea handiago egiten den heinean erradiazio-dosiak handitzen direlako. MIETek, aldiz, besteak baino arrisku handiagoa du pelbis-eremuko erraiak kaltetzeko.
- Protoi-terapia. Kanpoko erradioterapia mota bat da, protoiak erabiltzen dituena X izpiak erabili beharrean. Energia-maila altuetan, protoiek minbizi-zelulak aka ditzakete. Garestiagoa da baina, dirudienez, onura handiagoak dakar ohiko erradioterapiarekin konparatuz.
Erradioterapiak hainbat albo-efektu sor ditzake tratamenduan zehar edo tratamendu-hornitze ostean: mikzio-gogo maizagoak, sexualitate-disfuntzionaltasunak, heste-funtzioen akatsak, beherakoak barne; hemorrajia errektalak eta, azkenik, nekea edo unadura.
Sexualitatearen eragozpenak saihesteko, gizonezkoek drogak, zakil-inplante zein injekzioak jaso ditzakete.
Foku-terapia edo terapia fokala [10]
Terapia fokalak tratamendu ez inbaditzaileak dira, prostata tumore txikiak deusezteko erabiltzen direnak. Kasu honetan, tumorea soilik kenduko da, prostatako bestelako atal ez-kaltetuak tratatu barik. Tratamendu hauek beroa, hotza eta minbizia tratatzeko bestelako metodoetan oinarritzen dira, bereziki prostatako minbizia izateko arrisku baxua edo ertaina duten gizonezkoei zuzenduta daudenak. Gaur egun, foku-terapiak entsegu klinikoetan baino ez dira frogatzen.
- Kriokirurgia: krio-ablazio edo krioterapia ere deitua, terapia fokal mota bat da. Minbizi zelulak hozten dira metalezko zunda baten bidez eskroto eta ondestearen artean ebaki bat eginez. Kriokirurgia ez dago guztiz estandarizatua, jakinda diagnostikatu berri diren gizonei ez baitzaie tratatzen kriokirurgiarekin.
- Intentsitate-Altuko Ultrasoinuak (IAU): beroan oinarritzen den terapia fokal mota bat da. IAU tratamendua bitartean, ultrasoinuzko zunda bat ondestean sartzen da eta, ondorioz, ultrasoinu-uhinak prostatara bideratzen dira minbizi zelulak kaltzetzeko. Prostatako beste atalak, aldiz, ez dira kaltetuko.
Horomona-terapia edo Terapia hormonala[11]
Androgeno-terapia-ezabatzaile izenez ere deituta, hormona muskulinoen mailak jaisteko erabiltzen den terapia mota bat da. Androgenoak, izatez, gizonezkoen hormona propioak izango dira. Supresioaren eraginez, minbizi-zelulen hazte- zein ugaltze-prozesuak inhibitzen dituzte.
Androgenoek prostatako minbizi-zelulen hazkuntza eragiten dute. Gorputzeko androgeno nagusiak testosterona eta dihidrotestosterona dira. Hauen sorlekua barrabiletan dago, baina giltzurrungaineko guruinetan ere hormona androgenoen sintesia dago. Garrantzitsua da ulertzea terapia hormonalak beste tratamenduekin konbinatu gabe ezin duela minbizia sendatu, baina honen hedapen progresiboa prostatan zein gorputzeko beste tokietatik murrizten du; hau da, hedapena moteltzen du. Hortaz, beste tratamenduekin (kirurgia zein erradioterapia, alegia) konbinatuz minbizi-sendatze aukerak handituko dira.
Terapia hormonalean ezagunena den droga LHRHren agonistak dira. Hormona Luteinizatzailearen Hormona Askatzaile edo Libratzailearen (LHRH) agonistek barrabiletan sintetizatzen den testosterona kopurua murrizten dute. Tratamendu honi kastrazio medikoa deritzo, orkiektomiaren tankeran androgenoen mailak murrizten dituelarik. Hona hemen gaur egun gehien erabiltzen diren farmakoak, gune azpikutaneoan ezartzen direnak:
- Leuprolida (Lupron, Eligard)
- Goserelin (Zoladex)
- Triptorelina (Trelstar)
- Histrelin (Vantas)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Nefrourologia Hiztegia] [2016]
- ↑ (Gaztelaniaz) «Cáncer de próstata» www.aecc.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Factores de riesgo para el cáncer de próstata» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Cáncer de próstata: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Síntomas del cáncer de próstata» www.aecc.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿En qué consiste la prueba de detección de cáncer de próstata? | CDC» www.cdc.gov 2019-08-07 (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Exámenes de detección del cáncer de próstata (PDQ®)–Versión para pacientes» Instituto Nacional del Cáncer 2013-06-21 (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
- ↑ (Ingelesez) «Screening Tests for Prostate Cancer» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
- ↑ (Ingelesez) «Prostate Cancer - Types of Treatment» Cancer.Net 2012-06-25 (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
- ↑ (Ingelesez) «Prostate Cancer Treatment (PDQ®)–Patient Version» National Cancer Institute 2019-08-01 (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Terapia hormonal para el cáncer de próstata» www.cancer.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-26).